Tèrra Aventura jokoaren erabilpen baldintza orokorrak

Hitzaurrea

Tèrra Aventura jokoa Akitania Berriko Eskualdeko Turismo Batzordeak sortua eta kudeatua da. Joko gisako geocaching jarduera proposatzen du, Akitania Berriko lekuak eta horien aberastasunak ezagutzeko, ondarean, natura guneetan, trebetasun berezietan, ipuin eta legendetan edo Street artean oinarrituz.

“Gordeleku” izeneko kutxa batzuk naturan gorde ditugu. Jokoaren helburua GPS baten edo smartphone baten laguntzaz gordeleku horiek atzematea da, barnean altxorrak baitaramatzate: Poï’z-ak, hots, nortasun azkarreko pertsonaia ttipiak, ikur gisa, horien bilduma egiteko gisan.
Jokalariak Tèrra Aventura aplikazioa telekargatu behar du, urririk, Google Play ala App Store plataforman. Jokoan sartu ahal izateko, kontu bat sortu behar du. Ibilbide bat hautatu, eta geolokalizazioa aktibatu behar du, abiatu ahal izateko.

Bestela, jokalariak Tèrra Aventura webgunetik ibilbide bati dagokion bide-orria inprima dezake, etxetik ala Turismo Bulego batetik, eta ibilbidea segitzeko GPS bat baliatu.

Ibilbidea hautatzeko, hainbat irizpide balia ditzake: gaia, zailtasun maila, distantzia, kokapena (departamendua, hiria, ene inguruan).
Denboraldi bat (ibilbideen sortze urtea, berritasunak atzemateko, adibidez) eta bilaketa gehigarriak ere hauta ditzake, baita atzeman ez dituen gordelekuetara itzuli ere.

Joko bitartean, jokalariak mapan bere kokapena ikusten du, eta etapaz etapa ibiltzen da. Ibilbidean proposatzen zaizkion enigmen erantzunak aplikazioan idazten ditu, gordelekuaren GPS koordenatuak ager dakizkion. Datu horiei esker, ibilbideko Poï’z ikurra daraman kutxa aurkitu behar du, nahi baldin badu ikur bat hartu, eta kutxa atzeman duen lekuan utzi.

Jokalari sailkapena aplikazioan erregistratzen da, eta beste Tèrr’Abenturazaleei ere agertzen zaie. Izenordeaz eta departamenduaz edo/eta herrialdeaz gain (horiek beharrezkoak baitira), profil argazki bat, biografia, iruzkinak eta argazkiak ere parteka ditzake.

Jokoan aitzinatu ahala, jokalariak bilaketa gehigarrietan ere parte har dezake.

Egun egin daitezkeen ibilbide gehienak oinez egitekoak dira. Hala ere, Ziclou ibilbideak ere badira, bizikletaz egiteko bereziki pentsatuak, baita elur ingurumeneko gordelekuak ere, baldintzek ahalbidetzen dutelarik erraketaz iristeko pentsatuak.

Gaia

Erabilpen Baldintza Orokor hauek (hemendik goiti “EBO”) Akitania Berriko Eskualdeko Turismo Batzordeak (hemendik goiti “CRTNA”) sortu eta kudeatzen duen Tèrra Aventura jokoaren (hemendik goiti “Jokoa”) arauak finkatzea dute xede.
EBO hauek erabiltzaile parte-hartzaileari dagozkio (hemendik goiti “Erabiltzailea”). https://www.terra-aventura.fr/ webguneari, Tèrra Aventura aplikazioari eta jokoko parte hartzeari dagozkion erabilpen arauak ezartzen dituzte. Jokoan parte hartuz gero, EBOak nahitaez bete behar dira.

Definizioak

EBO hauetan, ondoko termino hauek hizki larriz hasten direlarik, bai singularrean bai pluralean, hemen beherean esleitzen zaien esanahia dute:

  • Aplikazioa: sakelako telefonoetarako Tèrra Aventura aplikazioa, CRTNAk plazaratua eta hornitua, Jokoan aritzeko sarbidea ematen duena, Apple gailuek App Storean eta Googlen Androïd sistemakoek Google Play Storean urririk telekarga dezaketena. Aplikazioan, edukiak, sistema eragileak, tresnak (programaziorako, nabigaziorako…), datu baseak eta dokumentazioa daude; CRTNAk eguneratzeak eta bertsio berriak eskura eman ditzake.
  • Edukia: Erabiltzaileak Aplikazioan edo Tèrra Aventura webgunean argitaratu dituen eduki guzien multzoa, testuak, irudiak eta argazkiak barne; ondoko edukiak publikoak dira eta beste Erabiltzaileek eta beste nornahik kontsulta ditzakete: izenordea, profil argazkia, webgunean eta aplikazioan argitaratu argazkiak eta iruzkinak, Erabiltzailearen jokalari sailkapena, jatorrizko hiria, biografia.
  • CRTNA: Akitania Berriko Eskualdeko Turismo Batzordea. 1901 legearen araberako elkartea da eta egoitza helbide honetan du: 4, place Jaurès, Bordeaux (Bordele). Tèrra Aventura Jokoaren jabea eta kudeatzailea da.
  • Erabiltzailea: pertsona fisiko adinduna (edo burasoen edo buraso-autoritatea duen eta Jokoan parte hartzean zaintzen duen pertsonaren baimena duen adingabea), merkataritzatik kanpoko erabilpen pertsonalerako Jokoan parte hartzen duena, zuzeneko ez zeharkako irabazi asmorik gabe.
  • Webgunea: Tèrra Aventuraren webgunea, helbide hau duena: http://www.terra-aventura.fr/

Ibilbideen zehaztapena eta segimendua

CRTNAk Jokoa departamenduetako turismo batzorde, turismo garapen agentzia eta turismo bulego nahiantekin partaidetzan antolatzen du.
Turismo bulegoek, tokiko elkargoekin partaidetzan, ibilbideak eta gordelekuak hautatzen dituzte. Proposatu bideen fidagarritasuna eta iraunkortasuna egiaztatzera engaiatzen dira, dagokien herriarekin edo herriekin lankidetzan.

Horrela zehaztu ibilbideen baieztapena arta handiz zaindurik ere, Erabiltzaileari iragateko baimena ukatuz gero, bidean mantentze lanak gaizki eginak izanez gero edo pasatzeko beste edozein arazo gertatuz gero, horren ardura ez da CRTNArena izanen.
Ibilbidean edozein oztopo gertatuz gero, CRTNArekin edo tokiko Turismo Bulegoarekin harremanetan jar.

Jokoan sartzea

Jokoan parte hartzeko, Erabiltzaileak Aplikazioa sakelako gailu batean telekargatu behar du, ala Webgunean agertzen diren informazioak eta GPS bat baliatu.

Aplikazioa sakelako gailuan instalatuz edo/eta Aplikazioan sartuz, Erabiltzaileak behean zehaztu EBOak baldintzarik gabe eta osoki onartzen ditu.

Aplikazioa urririk telekarga daiteke, App Store eta Google Play Store plataformetan. Aplikazioan sartzeko eta erabiltzeko, Erabiltzaileak Interneterako sarbidea eta telefono edo gailu mugikor bateragarria behar ditu. Bateragarritasun baldintzak bi plataformetan zehaztuak dira.

Aplikazioaren softwarearen bertsioa erregularki eguneratua izan daiteke. Erabiltzaileei jakinarazten zaie, plataformen bidez bereziki.

Aplikazioa Erabiltzailearen erabilpen pertsonalerako da soilik.

Geolokalizazio datuak

Jokoa hasteko, Erabiltzaileak geolokalizatzen duen sakelako gailu bat behar du. Geolokalizazioari esker, ibilbidean duen kokapena eta ibilbideko etapen kokapena ikus ditzake, baita, Aplikazioan, beste parte hartzaileen aitzinamendua segitu ere.
Aplikazioa baliatzen duen Erabiltzaileak geolokalizazio funtzioa zuzenean bere sakelako gailuko hobespenetan aktibatu behar du, eta Aplikazioari horiek eskuratzeko baimena eman behar dio; bestela, Jokoak ezin du funtzionatu.

Erabiltzailearen betebeharrak

  • Erabiltzaileak Jokoaren iragateari buruz dituen betebeharrak 

Erabiltzailea hauetara engaiatzen da:
- Bere eta berekin dauden parte hartzaileen adinari eta egoera fisikoari egokitu zailtasuna duten ibilbideak hautatzea, beharrez turismo bulego partaideari behar dituen informazioak galdeginez;
- Ibilbidea mantentze lanetan dagoen egiaztatzea, Jokoa ongi iraganen dela bermatzeko;
- Hartzen eta hautatzen dituen bideak errespetatzea;
- Ibilbideen ondoan dauden eremu pribatuetan ez sartzea eta inola ere ez andeatzea;
- Gordelekuetan janari galkorrik, merkataritzatik kanpoko objekturik, objektu lanjerosik edo Erabiltzaileak, bereziki gazteenak, edozein gisara laidoztatu ditzakeenik ez ezartzea;
- Errepide kodea errespetatzea, ziklomotorrena barne.
Erabiltzaileari Tèrra Aventura araudia kontsultatzea ere aholkatzen diogu.

  • Erabiltzaileak Aplikazioaren eta Webgunearen erabilpenari buruz dituen betebeharrak 

Erabiltzailea hauetara engaiatzen da:
- Ez Aplikazioa, ez Webgunea ez erreproduzitzea, ez osoki, ez partez, edozein gisa edo moldetan;
- Aplikazioko edo/eta Webguneko edukiak kopiatzeko software edo prozedurarik ez baliatzea CRTNAren baimenik gabe;
- Ez Aplikazioa, ez Webgunea ez esportatzea, ezta beste programa informatikoekin fusionatzea ere;
- Aplikazioaren edo/eta Webgunearen egokitzapenik, transkripziorik, aldaketarik, moldaketarik, konpilaziorik, deskonpilaziorik, bilketarik, transkodetzerik ez egitea, ez osoki, ez partez;
- Aplikazioa edo/eta Webgunea pirata dezaketen sistemarik ez instalatzea.

  • Erabiltzaileak Aplikazioan eta Webgunean argitaratu edukiei buruz dituen betebeharrak 

Erabiltzailea hauetara engaiatzen da:
- Tèrra Aventuraren bitartez argitaratzen dituen Edukietan agertzen diren edo aipatuak diren pertsonen onespena izatea;
- Tèrra Aventuraren bitartez argitaratzen dituen Edukietan agertzen diren edo aipatuak diren pertsonen irudi eskubideak, egile eskubideak, bizi pribatu eskubideak eta, oro har, eskubide guziak errespetatzea;
- Difamaziozko, irainezko edo bereizkuntzazko edukirik, gorrotoa eragiten duten edukirik edo indarrean dauden lege eta araudien kontrako edukirik ez argitaratzea.

  • Erabiltzaileak osasun neurriei buruz dituen betebeharrak 

Erabiltzailea hauetara engaiatzen da:
-    Ukondoan eztul egitea 
-    Distantziak mantentzea 
-    Eskuak maiz garbitzea 

Tèrra Aventura ibilbideen azken etapan, maska janztea eta kutxa, Poïzak, liburuxka eta arkatza erabili aitzin eta ondotik eskuak garbitzea biziki aholkatzen dizuegu.
Ibilbide bitartean, jokalarien arteko jende distantzia atxiki beharko da.
Ibilbideen bukaera osasun neurriak errespetatzeko gisan aldatzen ahalko da. Arrazoi hori bera dela eta, ibilbideak pausan ezartzen ahalko dira.

Aplikazioaren bitartez lortu beherapen txartelen erabilpena

Gordeleku batzuek desblokeatuz, merkataritza-partaide batzuek eman beherapen txartelak eskura daitezke.

Txartel bakoitzak zenbaki bat dakar eta behin baizik ezin da baliatu, txartelean zehaztu epean.

Txartel horietan agertzen diren ondasun edo/eta zerbitzuak eskuratzeko baldintzak hornitzen dituzten partaideen baldintzen araberakoak dira, eta ardura osoa haiena da.

Ondasun edo/eta zerbitzu horien hornitzeari buruz CRTNAk ez du batere Erabiltzaileekiko berme betebeharrik.

Aplikazioko Ziclou ibilbideen erabilpena

Bizikletaz ibiltzeko bereziki egokituak diren Ziclou ibilbideetan, CRTNAk oroitarazten du Erabiltzaile guziek errepide kodea errespetatu behar dutela.
Errepide kodeko R412-6-1 artikuluari jarraiki, ibilgailu batean gidariak ibilgailua dabilen bitartean eskuan telefonoa atxikitzea debekatua du.
Halaber, ibilgailu batean gidariak ibilgailua dabilen bitartean soinuak igor ditzakeen gailu bat belarrian eramatea debekatua du, gortasuna zuzentzeko gailu elektronikoak salbu.

Beharrez, Erabiltzaileak errepide kodearen baldintzak betetzen dituen sistema izan beharko du (GPSa edo sakelako gailua lotzeko euskarria, adibidez).

Jokoa segurtasun osoz iragan dadin, Aplikazioak soinu seinale batez adierazten du etapa bat, lanjer bat edo pista bat dagoela, Erabiltzaileak mugitzen den bitartean informazioa aiseago ukan dezan.

Errepide kodea urratuz gero eta Ziclou ibilbidea egitean edozein ezbehar gertatuz gero, CRTNA ez da arduradun izanen.

Aplikazioko ibilbide elurtuen erabilpena

Erraketaz ibiltzeko bereziki egokituak diren ibilbide elurtuetan, CRTNAk oroitarazten du zinez garrantzitsua dela guneetan afixatuak diren klima baldintzak egiaztatzea eta tokiko Turismo Bulegoari dei egitea, ibilbidea segurtasun osoz egin daitekeela bermatzeko.
Guneak kontraindikazioak eman eta Erabiltzailea ibilbidera hala ere abiatuz gero, CRTNA ez da arduradun izanen.

Datu pertsonalak

Aplikazioan eta Webgunean datu pertsonalak biltzen dira (Erabiltzaileak “Abentura Liburuxka” sortzen baitu).

Erabiltzaileari dagokionez, datu hauek dira:

  • izenordea,
  • helbide elektronikoa,
  • bizi den departamendua edo/eta herrialdea.

Baitezpadako datu horiei esker, Erabiltzaile oro:

  • Aplikaziora edo Webgunean duen kontura sar daiteke,
  • Tèrra Aventura jokoan gisa interaktiboan aritu daiteke (iruzkinak idaztea, argazkiak kargatzea, lehiaketa jokoetan parte hartzea),
  • Joko sailkapena memorian atxiki eta segi dezake,
  • noiztenka turismo behaketa inkestetan parte har dezake,
  • Tèrra Aventura unibertsoari dagozkion informazioak eskura ditzake, izena emanez gero (berripapera, push mezuak, gogobetetze inkestak).

Erabiltzaileak hauek ere sar ditzake:

  • profil argazkia,
  • biografia,
  • Jokoan ari den pertsona baten edo gehiagoren ibilbideetako argazkiak.

Erabiltzaileak adierazten du badakiela bere Joko sailkapena automatikoki agertzen dela.

Erabiltzailearen datuak kontua aktibo duen bitartean atxikitzen dira. Kontua aktiboa duen jakiteko, CRTNAk urte guziz hitz sekretu bat idatzi dela egiaztatzen du.

3 urte baino gehiagoz aktibo izan ez den pertsona ororen datuak anonimo bilakatzen dira. Atxikitzen dira, baina ezin dira identifikatu; estatistiketarako bakarrik baliatzen dira.

Erabiltzaile orok, une orotan, datuak eskuratzea galdegin dezake eta datuak zuzentzeko, ezabatzeko, lekualdatzeko, mugatzeko eta erabilpenaren kontra egiteko eskubidea balia dezake, helbide honetara idatziz: dpo@na-tourisme.com.

Eskubide horiek gutun bat helbide honetara bidaliz ere balia ditzake, nortasuna justifikatuz:
CRT Nouvelle-Aquitaine - Maison régionale du tourisme 
Site Tèrra Aventura
30, cours Gay Lussac
CS 50095
87003 LIMOGES CEDEX 1
France

CRTNAri behin eta berriz galdegin eta erantzunik eskuratzen ez badu, kontrol agintaritza bati salaketa bat aurkez diezaioke. Frantzian, hau da egitura: CNIL, 3 place de Fontenoy, TSA 80715, 75334 Paris cedex 07.
Informazio gehiago ukateko, konfidentzialtasun araudia kontsulta.

Arduren mugatzea

Erabiltzaile orori dagokio bere telefono eta ekipamendu informatikoetan gordeak diren datuak edo/eta softwareak kalte orotik babesteko behar diren neurri guziak hartzea.

Erabiltzaileak adierazten du hauek ezagutzen eta onartzen dituela: Internet sarearen ezaugarriak eta mugak, eta bereziki, Internet sarearen ezaugarri funtzionalak eta teknikoak; webguneetarako konexio edo/eta sarbideari lotu arazoak; sareen eskuragarritasunari eta izariari lotu arazoak; sareen ahuleziari edo saturazioari lotu arazoak; linean eman informazioen iragateari eta sarbideari lotu arazoak, datuak afixatzeko, kontsultatzeko, galdezkatzeko edo transferitzeko erantzun denborei lotu arazoak; datu batzuen moztura etenaldi eta desbideratzearen eta piratatzearen kontrako babes eskasa, sare horietan ibiltzen diren birusek kutsatzeko arriskua, etab. Horientzat guzientzat, CRTNA ezingo da arduraduntzat jo.

Bestalde, CRTNAk Joko bitartean ez du batere ardurarik izanen:

  • terminala gaizki baliatzen bada edo/eta terminalaren erabilpenarengatik ezbeharrik gertatzen bada;
  • Erabiltzaileei, haien terminalei, haien informatika ekipamenduei eta telefonoei eta bertan gordeak diren datuei edozein kalte eragiten bazaie.

CRTNAk ez du ardurarik Erabiltzailearen GPSaren edo Erabiltzaileak turismo bulego partaideei alokatu GPSaren funtzionamenduan.
CRTNAk ez du ardurarik Erabiltzaileek gordelekuak aurkitzeko hartzen dituzten bideen mantentze lanetan. Erabiltzaileari tokiko Turismo Bulegoari edo CRTNAri arazo ororen berri ematea aholkatzen dio.

Gaineratekoak

  • EBOen bilakaera 

Aplikatzen diren EBOak Erabiltzaileak Jokoan parte hartzen duen egunean indarrean direnak dira.
CRTNAk EBO horien neurriak noiznahi osoki edo partez aldatzeko eskubidea du, Erabiltzaileei aitzinetik abisurik ez informaziorik helarazi gabe, teknika, lege eta jurisprudentzia egoeren bilakaerari egokitzeko edo zerbitzu berriak plantan emateko.
CRTNAk EBOetan aldaketarik egiten badu, Erabiltzaileei horien berri emanen zaie, linean argitaratuz, besterik gabe. Linean eman ondotik Jokoan parte hartzen duen Erabiltzaile orok osoki onartzen dituela joko da.

  • Liskarrak

EBOen interpretazioan edo/eta aplikazioan liskar edo gatazka oro gertatuz gero, ezin baldin bada onez onean konpondu, baitezpada eta automatikoki Bordeleko (Gironda) merkataritza auzitegiaren eskumenean izanen da.

  • Baliogabetasuna

EBOetako xehetasun oro baliogabe edo ez idatzitzat jotzen bada, besteek eraginkortasun eta indar osoa atxikiko dute. Hala, CRTNAk baliogabe edo ez idatzitzat joko litzatekeen xehetasun oro aldatzeko eskubidea du.

  • Zuzenbide aplikagarria 

EBOak Frantziako zuzenbidearen araberakoak dira, gai horretan aplikagarria den zuzenbide bakarra baita.
EBOak frantsesez idatziak dira, gai horretan aplikagarria den hizkuntza bakarra baita. EBOen itzulpenek informazio balioa baizik ez dute.

Harremanak

Jokoari edo/eta zerbitzuei buruzko galdera oro CRTNAri helarazten ahal zaio, helbide honetara mezu elektroniko bat igorriz: les-sages@terra-aventura.fr