Poï'zak

Poï’zak gure Zetak dira : Zarthus, Zéroïk, Zabeth, Zépapeur... Abentura honetako 35 pertsonaiak ezagutuko dituzu, bakoitza bere nortasun azkarrarekin.

Bizikletaz

Ziclou

Gauzak argi: Ziclou ez da “karabana txalotzera” etorri honaino… Nehork baino hobeki daki pedalei eragiten! 

Beraz, egon zaitez haren gurpiletik hurbil eta kateari behar duen olioa bota, Poï’z hau ez baita sekula hatsantzen. Eguzkitan bezala euripean, ur bazterrean ala baserrialdean: izerdia botako duzu! Baina bizikletaldiak beti balio izanen du.

 

Maite duena

Puntu gorridun maillota janztea eta txapela bereganatzea. 

Maite ez duena

Dopatzeari buruzko polemikak… Ez aipa horrelakorik, katetan ezar zaitzan nahi ez baduzu.

 
Ziclou

Animaliak

Zahan

Luzaz alegiazko izakitzat jotzen zen, eta uste zen Zahana osoki desagertua zela... Zarthusen bilaketek diotenez, alta, Poï'z honen aztarna anitz agertu dira Akitania Berrian…

Zahan izaki maitagarri eta goxoa da, baina arras zaila da ikustea. Aski basa denez, lurpean galeriak zilatzen ditu, gordetzeko eta hibernatzeko. Gure oihanetan atzematen dituen pagatxak, ezkurrak, tuberkuluak eta erroak jaten ditu.

Parean agertzen bazaizu, ez beldur! Isilik egon eta haren ingurumena errespeta ezazu. Horrela, beharbada, hurbiltzen utziko zaitu! 

 

Maite duena

Aire libreko bizia, naturalismoa, lohian itzulipurdika ibiltzea...

Maite ez duena

Agerian izatea eta Zarthusek haren argazkiak hartzea!

 
Poiz Zahan - Animaux

Arte plastikoak

Zart'

Zart’ek artea bere baitan du eta Picasso ororen gainetik maite du. Egunak obra berriak sortzen eta besteenak kritikatzen pasatzen ditu.

Bitxikeria eta originaltasun handiko pertsonaia da, harrigarria bezain irrigarria. Batzuetan, azentu germanikoa hartzen du, alferrikakoa izanik ere izigarri dotorea iduri baitzaio, Karl ezagun baten estiloa bereganatu nahian.

Zart’ek teknika artistikoak menperatzen ditu. Eta Zabethekin noiztenka gatazkan aritzen bada ere, bi Poï’z horiek karakola eta barea bezala dira.

 

Maite duena

Pintzelak, olerkiak, mintzatzea, zizelkatzea, haren burukoa.

Maite ez duena

Zientzia, aginduak, arrazionaltasuna, orri zuriak.

 
Poiz Zart - Arts plastiques

Ur bazterrean

Zéidon

Hain segur, Poï’z-etan lasaiena eta goxoena da...

Zéïdoni bere arbaso jainkotarraren omenez eman zioten izen hori. Millevaches goi-ordokikoa da.

Egun, Akitania Berriko ur gune guzietan bizi da. Fast & Furious baino, Peace & Love giroa nahiago du. Zeïdon zinez moldaerraza da eta ez du batere maite bazterrak inarrostea. Gordelekuetan atzemana izatea gustukoa du, jokalarien tixertan edo kasketan loturik fazil eta errex munduan gaindi ibili ahal izateko.

 

Maite duena

Urmaelak, aintzirak, igeriketa, putzuak… Hots, ura!

Maite ez duena

Norbaitek ezkatak kilikatzea, idortea, ez ur ez ardo ez den jendea.

 
Poiz Zéïdon - Au bord de l'eau

Merkataritza

Zéchopp

Zéchopp politak habiatik eroria dirudi, baina kasu: leizeko azeria baino zitalagoa da! Kopeta azala argia du, eta buruan ez du gatzik eskas. Aspaldiko saleroslea da, eta merkataritza nehork baino hobeki ezagutzen du.

Nornahiri zernahi saltzeko gai da.

Entzule onari belarria ez dio uzten… Harengatik du Zéfaimek sukaldea batere behar ez  dituen tresna eta gailuz betea!

 

Maite duena

Merkatuak eta feriak, diru-kutxaren “tin!” soinua.

Maite ez duena

Bezero xuhurrak eta txeke agorrak.

 
Poiz Zéchopp - Histoire du commerce

Ipuinak eta legendak

Zellé

Behin bazen Zellé mistiko, bakarti eta isila. Sorgin liburua eta zinginarria eskuetan dituela, gure lurretako legenda berezi bezain liluragarriak kontatuko dizkizu.

Aiseago atzemanen duzu mirarizko iturri baten ondoan, osagarri ibilbide batean baino.

Basa-medikua ere bada: sendagileen antzinako artea menperatzen du eta Akitania Berriko gune sakratu eta erritu guzien berri du. Iturrien eta sendabelarren onurak erakutsiko dizkizu, Zarthus botanika zale handiarekin batean.

Harengandik ikasteak errotik on eginen dizu, zu baino lehen egin zuten guziei bezala…

 

Maite duena

Txilintxo maitagarri laguna, etorkizuna aurreikustea, talismanak, lasaitasuna eta meditazioa.

Maite ez duena

Mediku iruzurgileak, sinesgogorrak, bizi dela sinesten ez dutenak.

 
Poiz Zellé - Contes et légendes

Bitxikeriak

Zinzin

Berez, ZFL-452XB2030 du izena; baina, planeta honetan, denek Zinzin deitzen dute. 

Urruneko bidaiaria ezin trebeagoa da espazio-ontziz unibertsoko bitxikeriarik bitxienak atzemateko! Zinzin ez da nehor bezalakoa… Aldiz, buruan haizea dabilkio. Haize azkarra. 

Uda honetan, Akitania Berriko zerua ongi mia! Beharbada, haren espazio-ontzi “tuneatua” ikusiko duzu: lurreratze tren kromatuak, kontsumo apaleko argi seinaleak, eta irratian, ozen-ozen, “Ovni tender”!

 

Maite duena

Hiper-propultsioa eta musika galaktikoa (Lady Gaga-rine, Esne-bide Beltza)

Maite ez duena

Zulo beltzak. Jendea beldurraraztea.

 
Zinzin

Joankortasuna

Zaméla

Zaméla arrunt ezinegona da! Betidanik maite du munduz mundu ibiltzea, eta edozein egoerari egokitzeko gai da.

Zamélaz erraten dena: hemen uste dugunean han dagoela! Sano-sano mintzo da, eta itxuraz lotsatia izanik ere, ezagutzera menturatzen direnak zozoaraztea izigarri maite du.

Nahi duelarik ikusezin bilaka daiteke. Hala, BadPoï’zak agertu orduko, tanpez desagertzen da. Kameleoien gisan, edozein egoerari egokitzeko gai da!

 

Maite duena

Besta egitea, kanpatzea eta kuku-gordeka aritzea.

Maite ez duena

Nehork xerkatzen ez duen lekuan atzemana izatea…

 
Poiz Zaméla - Ephémère

Galo-erromatarra

Zigomatix

Haren dolmen-gorpuzkerarekin ez beldur: Zigomatix indartsuena da, bai, baina irringarriena ere hura da! Atseginzalea da eta irria ez du sekula ezpainetatik kentzen. Arras bakana da haserretzen ikustea... Salbu “arraina freskoa ez bada”.

Zigomatix harri zaharren zale handia da. Antzinako aztarnak izigarri maite ditu, bereziki Chassenoneko bainuetxea! Alabaina, erromatarren konpainia preziatzen ez badu ere, eraikinetarako trebetasun zerbait bazutela onartzen die...

 

Maite duena

Garagarno epela, haren dentista eta lumadun kaskoak (bildumatzen ditu).

Maite ez duena

Jendeak bere kusi menhir banatzailearekin nahastea...

 
Poiz Zigomatix - Gallo-romain

Gastronomia

Zéfaim

Alferkeria izpi bat, hiru eguzki miko, gormandiza koilarakada bat, ogi puska bat eta umore zurrust bat. Hori guzia nahas, eta... hor duzu Zéfaim, itxura on eta zuzenean, koloragarririk ez kontserbagarririk gabe!

Ororen buru (edo ororen mihi), Poï’z honek ogi ororekin egiten du zopa, eta nornahirekin gogotik jaten!

Bertako jakiak bere gisara berrikustearen bortxaz, batzuetan koilarak nahasten ditu eta gustu… harrigarriak dastarazten!

Moko fina bazara, ongi! Akitania Berriko janari eta edari onenak ezagutaraziko dizkizu!

 

Maite duena

Makarroiak, Mique ogia, taloak, xingarra, lursagar patea eta guti gorabehera jaten den guzia…

Maite ez duena

Dietalariak, dentistak, Zabdoren mehatzeko kirol programak.

 
Poiz Zéfaim - Arts culinaires

Geologia

Zektonic

Andereek Zek’ deitzen dute. Karboniferoko apoloa da: haren irri suntsitzaileak, granit arrosa koloreko azalak eta gorpuzkera sendoak bihotz guziak erorarazten ditu...

Abenturako beste arren gustukoa ez izanik ere, Zektonicen xarma bere kopeta-argia bezain dirdiratsua da! Baina ezkongai anitz duenak guti nahi… Buruan ammonoideak eta geruza mineralak baizik ez ditu, eta emeen miresmena bost axola zaio!

 

Maite duena

Harri eta Herri poesia bilduma, harri-jasotzaileak.

Maite ez duena

Euri azidoak eta estalaktita okerrak.

 
Poiz Zektonic - Géologie

Historia eta monumentuak

Zabeth

Zabeth historia zale amorratua da. Argi du iragana pasatua dela, baina, hala ere, zaila zaio egungo belaunaldiko jendeak eta inguruan ditugun teknologiak ulertzea. Beste garai bateko mintzoa darabil… baina zer demontre, bost ardura zaio!

Ikerketarako jeinu handia duenez, denaz dena daki. Ezerk ez du harentzat sekreturik; partez, haren adin handia dela eta (baina ez zaio nehola ere ez aipatu behar). Munduko azken kutzukerien berri ukatea ere maite izanik ere, historia da haren egiazko zaletasuna.

 

Maite duena

Beharrezkoa dela sentitzea, orrazkera, erromantizismoa eta Ingalaterrako erregina zena.

Maite ez duena

Arrunkeria, behe-hizkera, Zart’-ek hitza moztea, liburuak hautsa hartzen uztea.

 
Poiz Zabeth - Histoire et monuments

Uhartekoa

Zohéé

Zohééren lema: “Poï’z Vs. Wild”. Diren uharte guziak ezagutzen ditu, desertuenak barne. Apairu oroz magurioak baizik ez dituela jan behar? Bizitokia ontzi hondakin bateko taulaz eraiki behar duela? Abenturazale honentzat, erraza ez, ondokoa!

Muturreko baldintzetan bizitzen ikasi nahi duten abenturazaleei Robinson aholkuak ematen dizkie… Eta bizirauteko inguruak kaltetu behar badira, gaitz erdi! Bakoitza bere.

 

Maite duena

Gordelekuetan eta apapuan bizitzea

Maite ez duena

Turismo ontzi handiak, alga berdeak eta itsasikarak.

 
Poiz Zohéé - Insulaire

Literatura

Zétoulu

Paper jalea, liburu milikaria… Ikasle itxura serio horren azpian, Zétoulu iduri duena baino aise irrigarriagoa da!

Aitaren batean edozein literatura obra laburbiltzeko gai da, bi esalditan eta bere hitzetan.

Obaba herria ezin hobeki ezagutzen du eta Printze Txikia laguna omen du… 

Zuen lumetara. Prest? Jos hitzak!

 

Maite duena

Hizki saldak eta hitz beteak.

Maite ez duena

Orri zuriaren sindromea. Hitz urratuak.

 
Littérature

Erdi Arokoa

Zéroïk

Unus pro omnibus, omnes pro uno! Erdi aroko mintzairaz eta Zoutik eraiki armaduraz jantzirik, Zéroïk zaldunak orori buru egin diezaioke.

Zabeth eta hura betiko lagunak dira. Mendeak daramatzate Akitania Berria elkarrekin kurritzen.

Zaldun bakarti nortasuna izanik ere, Zéroïkek izigarri maite du galbidean diren andereak laguntzea. Akitania Berriko lau haizeetara ibiltzen da, altxor berrien bila.

 

Maite duena

Armak, armadura, gaztelu zaharretako lasaitasuna eta bakea, gezileihoak.

Maite ez duena

Poï’z berritsuegiak, BadPoï’zak, gaztelu zaharretako hezetasuna (herdoilarazten du!), Zabethi nornahik gortea egitea.

 
Poiz Zéroïk - Médiéval

Adituen mailak

Zépapeur

Poi’z hau ez da ezeren beldur! Aski zakarra omen da, eta arrisku zaletasunak bere ahalen mugak gainditzera bultzatzen du. Kasu: hain da zalua, burua itzularaziko baitizu! Bizkar zakua ongi lot!

Zépapeur edozein erronkari buru egiteko prest da beti, edozein baldintzatan.

Muturreko kirolek ez dute beldurtzen. Beraz, BadPoi’z-ek hobe dute adi egotea, ez baita haien aitzinean kikilduko.

 

Maite duena

Zuhaitzetara igotzea, Limousineko boxeoa (gaztainaz egiten dena), kirola eta desafioak.

Maite ez duena

Beldurtiak, BadPoi’zak, hura baino indartsuagoak direnak.

 
Poiz Zépapeur - Niveaux experts

Gauekoa

Zenight

Poï’z gehienak oheratuak diren tenorean, Zenight-en gaualdia hasi baizik ez da egiten! Besta zale hezigaitzak gaueko mundua sakela bezain ongi ezagutzen du, eta batzuetan ahanzten du geocachingeko jokalariak ilunpean ez direla biziki trebe...

Zenight irrigarria, bizia eta alaia da. Akitania Berria “by night” erakutsiko dizu eta ikusiko duzu hemen ere badakigula ongi pasatzen!

 

Maite duena

Musika, dantzaldiak eta koktelak!

Maite ez duena

Eguneko argia eta Zabeth-en orrazkera: zer zaharkitua!

 
Poiz Zenight - Nocturne

Asmakuntzak eta berrikuntzak

Zaïtek

Internauta maitea, Zaïtekek dioena ez duzu beti ulertuko.

Bug bat eta 404 errore bat elkartuz sortu zen, eta Ctrl, Alt eta Suppr lagunak ez ditu sekula urrun. Poi’z hau biziki maitagarria eta isila da, baina bihotza zabal dezan, matrizea deskodetu behar zaio.

Segur eta fida: aiseago erakarriko duzu Smartphone batekin GPS batekin baino! Android kodedun sistema eragilea du.

Aski lotsatia da eta egunez ez da sekula ateratzen; nahiago du inguruko lokietatik hurbil egon. Beraz, ez duzu sekula Turismo Bulego batetik kanpo ikusiko!

 

Maite duena

Bitarra den oro, Norton eta Avast lagunak eta geekak.

Maite ez duena

Birusak, estaldura txarra, bateria ahulak, Zart eta Zeïdon interes arloak.

 
Poiz Zaïtek - Nouvelles technologies

Itsasoko ondarea

Zisséo

Presta gaitezen gudurako, molusku halakoak! Zisséorekin, garroak astindu beharko dituzue, surimi bilakatu nahi ez baduzue. Lema ez du sekula galtzen, eta olatu nahasian dabilen oro tanpez zuzentzen du.

Egia da aski zakarra dela, eta aingura herdoildua bezain umore iluna ukan dezakeela. Beldurra eragiten du, baina haren esperientziak jende anitz liluratzen ere du… Zisséo itsaso ttipi eta handietan ibilia da, eta ongi daki istriborrean kaxalote bat agertzen bada hark duela lehentasuna, eta kaioek hondoa hunkitzen badute, itzultzeko garaia badela!

 

Maite duena

Itsaski-kalimotxoa eta ilargi betea.

Maite ez duena

Sareetan ahuntz adarrik gabe itsasoratzea.

 
Poiz Zisséo - Patrimoine maritime

Artzaintza

Zirrinzi

Zirrinzi Pirinioetako etxolen lasaitasunean bizi da eta bildotsa bezain eztia da.  

Jendea ikustean beti pozten da, saiak baino nahiago baititu! Beraz, ez zaitu ardiak ferratzera igorriko, ezta gutiagorik ere!

Ardi galduen gisan bazabiltza, jo haren etxolako atea lasai. Segur hamaiketakoa zain izanen duzula, dena gasna, xingar eta mendiko likore!

Tartalorik ez da hemen; beraz, altxa tontorra eta jo aitzina!

 

Maite duena

Zakurrekin goxatzea, 27 ardiko tropa tontorretara eramatea.

Maite ez duena

Jendea ahoan artileekin mintzatzea, ardiak gaizki kontatzea. 

 
Pastoralisme

Ikuspuntuak eta natura

Zarthus

Zarthus abenturazalea da jitez, eta Akitania Berriko eremu zabal eta basak izigarri maite ditu; txapela buruan eta ibil… betaurrekoak sudurrean!

Noiztenka mihi berdea du; aldiz, agertzen zaizkion oztopo guziak kemen eta bizi gainditzen ditu. Haren gibeletik ibiltzea ez da gauza erraza, baina lortzen duenak araberako saria eskuratzen omen du…

 

Maite duena

Lore sortak, haize hegoa eta gau epela.

Maite ez duena

Hiria, autoak, betaurrekoei buruzko trufak, kutsadura.

 
Poiz Zarthus - Points de vue et nature

Historiaurrea

Zilex

Zilex harpeetako poï'za da; baina ez pentsa itxurak zaintzen ez dituenik!

Hezurra buruan eta ibili munduan! Zilexek buruan ez du haizerik: harri batez bizpalau txori egiteko gai da. 

Historiaurrea-Geografian doktorea da, eta mairuen denborako istorioak nehork baino hobeki dakizki. Leizeko atarian gogotik kontatzen ditu!

 

Maite duena

Larru zaharrak uztea, Ben Harpe, Ke-Sua jantziak.

Maite ez duena

Ziminotzat hartua izatea.

 
Poiz Zilex - Préhistoire

Erresistentzia

Zonelib'

Poï’z isil eta bakan honek anitz daki Akitania Berriko sasiez; geocaching jokalari onenei baizik ez die erakutsiko muturra.

Zaila izanen zaizu hura atzematea. Nork daki oilo zuriak arroltze beltza egin aitzin ikusiko duzun!

 

Maite duena

Gerlako dekorazio zaharrak, kukulauka jokoa eta txapelak.

Maite ez duena

Agerian izatea, kolore biziak, eta hari gorri eta berdeak dituelarik bloke elektriko urdin eta zuriekin topo egitea.

 
Poiz Zonelib - Résistance

Road Tripa

Ziraïder

Road Tripa, gizon egina!

Mekanika zaharren zale amorratua da, eta Akitania Berriko bide malkartsuetan barna asfalto-ateraldi bat egiteko beti prest da.

On The Road Again, paisaia liluragarriak ikustera!

 

Maite duena

Abiadura, mekanika, abentura eta adrenalina.

Maite ez duena

Radarrak, auto-metak, eltxoak eta euliak.

 
Poiz Ziraïder - Road trip

Donejakue

Zacquet

Zacquet arno xorta bati ez dio maiz eza ematen, baina ez da sekula “maskortzen”! Ez da atzo goizeko bildotsa, baina beti gogotik ibiltzen da Akitania Berrian gaindi, oinez, berritasun, sorpresa eta ezagutza bila.

Poïz xume eta isil hau Konpostelako Donejakueren zale amorratua da, eta maskor zilotik bihotz onez aterako da, munduko beila ezagunenean zu laguntzera…

 

Maite duena

Lagun hurkoa bere burua bezala, bidaiak eta Peru Abarka.

Maite ez duena

Oinetako pintzak, kazkabarra eta autoa oinezkoen pasabideetan uzten duen jendea.

 
Poiz Zacquet - Saint-Jacques de Compostelle

Trebetasuna

Zouti

Zouti eskulangintzan ezin adituagoa da: mailuek, aizturrek, portzelana labeek, ehungailuek eta eiherek ez dute harentzat sekreturik! Poï’zen artean esku trebeena duena da, aise!

Lehen ehuleak ehungailuak egiten lagundu omen zituen, eta harginek ere haren eskuaz findu omen zuten teknika.

Denbora pixka bat duelarik, objektu arrakastatsuak asmatzen aritzen da: ibiltzeko malgukidun makila, erhiei zimikorik ez egiteko “gillotina” atea (kasu lepoari, haatik!), banana azal irristagaitzak...

 

Maite duena

Gauza berriak egiten ikastea, tresnak eta berrikuntzak.

Maite ez duena

Asteburuak eta, oro har, lanik ez egitea, gaizki bilduak diren tresna-kutxak, xintxuketa denda hetsiak.

 
Poiz Zouti - Savoir-faire

Gune babestuak

Zécolo

Zécolo, beste Poï’zak bezala, gordeleku batean dago.

Baina ingurumena babestea eta errespetatzea Tèrra Aventuraren funtsezko balioak direnez, ikur honen bitartez, Zuhurrek bidean atzeman hondakinak bildu eta edukigailu egokira botatzen dituzten abenturazale eko-arduratsuak saritzen dituzte.

Ikurra zureganatzeko, zure ekintza eko-herritarra frogatzen duten argazkiak Turismo Bulego partaide batean erakuts ala Zécolo bere gordelekuetan atzeman!

 

Maite duena

Millevaches goi-ordokia, hondakinen bereizketa, panel fotovoltaikoak eta tisana biologikoak

Maite ez duena

Ozono geruzako ziloak, hiriko harrabotsak eta autoek botatzen duten ke beltza

 
Poiz Zécolo

Kirola

Zabdo

Kasu kasu! Zabdo ez du itzuli-mitzulika ibiltzea maite.

Zalua eta arina da, eta hats bahi gelditzeko gisako ibilbideak erakutsiko dizkizu. Maratoiak eguneroko bazka ditu, ez da sekula akitzen!

Egunean gutienez 5 fruitu eta barazki jaten ditu, trenpuan egoteko, eta ardi esnetan dutxatzen da.

Akitania Berriko kirolari onenen entrenatzailea da, eta Poï’zak ere egoera fisiko onean egoten laguntzen ditu. Bon, den-denak ez, batzuek ez baitute erremediorik: Zouti, Zabeth eta Zéfaim, den bezala errateko...

 

Maite duena

Kirol dendetan ibiltzea… baina lasterka! Markak haustea eta mugak gainditzea.

Maite ez duena

Zangoa plastrean ukatea, galtzea –nahiz badakien parte hartzea dela garrantzitsuena…-.

 
Poiz Zabdo - Sport

Street Art

Zegraff

Graffiti egile maskaduna, batzuen ustez, Zart' da. Beste batzuen iritziz, aldiz, Charantako kusia du... Zure ustez zer da, senidea ala hamaika aurpegiko artista bera?!

Zegraffek, primaderako liliak baino, hirietako asfaltoa nahiago. Street Artean aritzeko, egokiago. Gauaz, isilpean, maska eta Krylon bonba hartzen ditu eta hiriko horma tristeei bizi berri bat marrazten...

Banksy, Oré eta Fred le Chevalier ditu inspirazio iturri. Haiei esker, Zegraff paregabeko artista eta Poï'z engaiatua da! Prest zara “euskal hiria sutan” eta koloretan ikusteko?

 

Maite duena

Angoulême sorterriko horma tindatuen auzoa, marrazki-moldeak, eraikin abandonatuak.

Maite ez duena

Euria eta hirietako garbiketa zerbitzua...

 
Poiz Zegraff - Street Art

Oihangintza

Zouch'

Zuhaitza ez juja azalaren arabera: Poïz honek badu bururik, buztanik eta adarrik! 

Zouch’ isila da, baina errotik deliberatua, eta behar delarik, badaki Bad Poï'z-ei egurra ematen!

 

Maite duena

Ura eta eguzkia, erleak, animaliak, gaztainazko bixkotxak.

Maite ez duena

Zerrak, termitak, belar pozoiak eta sua.

 
Poiz Zouch' - Sylviculture

Arnoak eta izpirituak

Zalambic

Zalambicen gibeletik abiatzen bazara, hobe duzu zintzur luzea izatea… Harekin, hatsa ez baituzu labur ukanen!

Haren ibilbideak mahats alea bezain biribilak dira. Saia ez lerratzen!

Arnoen bidean, Zalambicek mila ipuin eta anekdotaz bustiko zaitu. Irudimena xahakoa bezain agortezina du. Har kuraia eta abia!

 

Maite duena

Bi aldiz destilatzea, mahats biltzea, aingeruen boza entzutea.

Maite ez duena

Gordeleku ozpinduak eta mahats-zorria.

 
Poiz Zalambic - Vins & spiritueux

Bad Poi'z (Zekid)

Zekid

Bad Poï’z gaizkile tropako burua da, eta gorroto du “gisakoa” iduri duela entzutea.
Helburu bakarra du: gordeleku guziak inbaditzea, Tèrra Aventurako errege izateko!

Nortasuna

Burgoia, kalkulatzailea, maltzurra, makiavelikoa… Adjektiboak ez dira eskas Bad Poï’z sarkin honez mintzatzeko. Ez zaitez lilura haren irriño xarmagarriarekin, konspirazio kaltekorretan murgilduko zaitu!

Ezaugarri berezia

Zekid itzaletan gordetzen da (maiz zurean) eta zuk Poï’zen gordelekuetara eraman arte zain egoten da. Atzemanak dituelarik, luzaz haien bizimoduari begira egoten da eta, in fine, haien bizilekua kontrolpean hartzen du.

Ahulgunea

Ez da enigma bakar bat askatzeko gai, eta geocaching jokalari txoriburuak segitzera behartua da non jokatu jakiteko. Aldiz, gordelekua eta bertako biztanleak atzemanak dituelarik, ez dute luzaz irauten haren kontrolpetik aske…

 
 
Zekid - Bad Poi'z

Bad Poi'z (Zarbi)

Zarbi

Batzuek diote taldeko buru argiena dela...  BadPoï’z hau aldakorra bezain itsusia da, eta izigarri maite du abenturazaleei trabak ezartzea!

Nortasuna

Burutik joana, erdi eroa, baina matematikari aparta… Zarbik maite du zirtzilkerietan aritzea, baina gaixtoen taldekoa dela ahanztea ere gertatzen zaio!

Ezaugarri berezia 

Geocaching-eko jokalariak haren buruketen eta matematika enigmen beldur dira: erantzun zuzena ez baduzu atzematen, hozki baztertuko zaitu! Baina lasai, Tèrra Aventuraren bideetan oztopaturik ere, ezingo zaitu osoki geldiarazi!

Ahulgunea

Batzuetan begiak oinetan ditu, ez du deus gogoan atxikitzen. Zekidek istorio honetan zergatik sartu zuen ere ahantzia du!

 
 
Zarbi - Bad Poi'z

Bad Poi'z (Zescro)

Zescro

Xikanatzailea, gezurtia, xantaiagilea eta frikun handia da… Zescro maiz libratu da Tèrra Aventurako Zuhurren Kontseiluaren zaintzatik.

Nortasuna

Desafio zozo bezain debaldekoak proposatzea. Kasu haren jukutriekin, bilaketaren haria galarazten ahal baitizute.

Berezitasuna

Arreta galarazten saiatuko da, desafio ergelak eta ezdeusak botaz.

Ahulgunea

Jendea kordokarazteko egiten dituen ahaleginak Zabethen buru gaineko orrazkera bezain nabarmenak dira; beraz, lasai, ez zaitu anitz oztopatuko...

 
 
Zescro - Bad Poi'z

Z. (Very Bad Poï'z)

Z.

Ilunpean, silueta bat agertu da, eta Tèrra Aventura arrisku berri baten menturan da…

Azken Azton Martinean (olio geruzak botatzen dituena eta paratxokeak sartzen ahal zaizkiona), BadPoï’zak Akitania Berria kurritzen ari dira, helburu bakarrarekin: abenturazaleak xintxikatzea, eragiketaren burua nor den jakin ez dezazuen...

Z du ezizena. Eta hartaz ez dakigu deus. Nor da? Nondik dator? Zure esku izanen da aro modernoetako izaki ikaragarriaz gehiago jakitea!

 

Maite duena

Planak pentsatu bezala iragatea.

Maite ez duena

Vodka martinia shakerrean egin ordez koilaraz prestatzea.

 
Z - Bad Poi'z